I.- Hitzarmen berriaren
testuinguru politiko eta historikoa
* Euskal Herria gaur egunean
bi Estaturen artean zatiturik dagoen Herria da, inolako ordezkaritza bateratu
eta subiranorik gabe, eta are Estatu bakoitzaren barneko zatiek ere entitate
bakar osatzeko oztopoekin:
Espainiaren menpeko zatian Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa EAE izeneko
Elkarte Autonomoan bilduta eta Nafarroa bere aldetik Elkarte autonomo berezitua
osatuz.
Frantziaren menpeko zatien Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoa Biarno
bere baitan hartzen duen frantses departamendu zabalago batean bildurik eta
departamendu horren barnean bitan zatiturik, Zuberoa Olorueko subprefekturari
lotuta dagoelarik.
* Gauzak horrela Euskal Herriari ezinezkoa zaio hitza ematea, ez baitago Euskal
Herriaren ordezkaritza bere gain hartu eta hitz hori adieraz dezakeen instituzio
subiranorik.
* Hitzarmen berriaren zioa, Euskal Herriaren aldeko indar desberdinek hitz
hori emana izan dadin ahalegin guztiak egitea da. Euskal Herrian, bere aniztasuna
errespetatuz, opzio politiko eta sozial orok aukera izan dezan.
II.- Hitzarmen berri
honen aurrekariak
II.1.- 1998ko abuztuko
Hitzarmenaren oroigarria
Duela urtebete hitzarmen berri honen sinatzaileok beste hitzarmen bat sinatu
genuen (ikus eranskina).
Hitzarmen horren arabera euskal lurralde guztiak (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa,
Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa) bere baitan hartuko lituzkeen instituzio bakar
eta subirano bat sortzeko konpromezua hartu genuen.
Hitzarmen horren arabera ere Euskal Herriaren aldeko euskal herritarren oinarrizko
beharren aldeko gutxieneko hitzarmenak lotzearen aldeko konpromezua hartu
zen.
Hitzarmen horren arabera, EAJ eta EA Euskal Herriaren aurka eta Espainiaren
alde diren indar desberdinekin loturak hausteko konpromezua hartu zuten.
Hitzarmen horren arabera, azkenik, Euskadi Ta Askatasunak mugagabeko ekintzen
etenaldi orokor bati hasiera eman zion.
II.2.- Hitzarmena sinatu zenetik izandako gertaera nagusiak
Hitzarmena sinatu zenetik aldaketa nagusi batzuk gertatu dira:
a.- Gatazka gainditzeko era demokratikoa proposatzen duen hitzarmena sinatu
zuten Lizarran hainbat alderdi, sindikatu eta bestelako gizarte eragilek 1998ko
irailaren 12an. Gerora, Lizarra-Garaziko Hitzarmenaz ezagutua izan zena (ikus
eranskina).
b.- Euskal lurralde osoko herriko etxeetako hautetsiak biltzen dituen Euskal
Herriko Udal Ordezkarien Biltzarra eratu zen 1999ko otsailaren 6an.
c.- Euskal Herriaren aldeko indarrek instituzio desberdinetan beren arteko
hitzarmenak lortu dituzte. Esaterako: udaletxe, Foru Aldundi, eta baita EAEko
Parlamentuan ere 1999ko maiatzaren 19an.
d.- Hala ere, EAk eta EAJk PSOErekiko loturak ez dituzte erabat hautsi. Euskal
Herrian bizi den egoera berriaren arabera indar abertzaleek Euskal Herriarentzat
konponbide demokratikoa onartu ez eta Espainiaren aldeko lanetan dabiltzanekin
zituzten akordio oro bertan behera utzi behar bazuten ere.
III.- Hitzarmen
berria
Hitzarmen honen sinatzaileek
honoko konpromezua hartzen dugu:
1.- Euskal Herriaren hitza errespetatzearen aldeko zin egitea egina dugularik,
hitz hori gauzatu dadineko konpromezua hartzen dugu.
2.- Hitz hori gauzatu dadin sujeto subiranoa sortzeko konpromezua hartzen
dugu.
3.- Horretarako metodo zehatz baten beharrean izanik, orain artean asmatu
den metodo demokratikoenaren aldeko apustua egiten dugu, hau da, Euskal Herrian
hauteskunde libre eta demokratikoak egitearena.
Hauteskunde horiek Euskal Herri osoa hautes-eremu bakartzat hartuz
egingo dira.
Bere helburua, edozein hauteskundetan legez, aurkezten diren opzio
politiko desberdinak ordezkatzen dituzten parlamentariz osatutako Euskal Herriko
Legebiltzarra hautatzea delarik.
Legebiltzarkide horiek Euskal Herriaren ordezkari ere izanen dira.
Legebiltzarkide horiek Euskal Herriko Lehendakaria izanen dena hautatu
beharko dute.
Legebiltzarkide horien ardura izanen da Euskal Herriaren berreratze
prozesuaren aitzindaritza bere gain hartu eta Euskal Herri Subiranoaren Konstituzioa
burutzea.
4.- Hauteskunde horren deialdiak ahalik eta indar eta instituzio gehienen
bebesa jaso dezan lan egitea gure gain hartzen dugu. Deialdia gaur egun indarren
dagoen ahalik eta instituzio gehienek egin dezaten bultzatuko dugularik. Eta,
era berean, Euskal Herriak bizi duen egoera politikoa kontuan hartuz denboran
ahalik eta lasterren burutzeko ahalegin guztiak eginen ditugu.
5.- Hauteskunde horiek egoera ahalik eta demokratikoenean egin daitezen behar
dena egiteko konpromezua hartzen dugu.
Parte hartu nahi duten euskal herritar guztiei erraztasun guztiak emanez.
Hauteskundek egiteko oztopo izan litezkeen indar atzerritarrak alboratuz.
6.- Euskadi Ta Askatasunak, hauteskunde horien jomuga aurrean izanik honoko
hausnarketa eta borondate politikoa agertzen du:
Sortuko den Legebiltzar horren sendotasuna eta egonkortasunaren arabera
orain arteko Euskal Herriaren armen bidezko defentsari amaiera emango lioke.
Hitzarmen berria sinatuz geroztik orainarteko ekintzen etenaldiaren
epekako egoera iraunkor bilakatuko litzateke, betiere hauteskunde horien jomuga
azkar baten beha.
7.- Une horretatik aurrera, Euskal Herriaren subiranotasunaren ordezkari izanen
diren Legebiltzar, Lehendakari eta bestelako instituzio eta eraikuntza prozesuaren
garapena, bai eta kanpotik datozen erasoen aurreko defentsa zilegia gure gain
hartuko dugu hitzarmen honen sinatzaileek.
Euskal Herrian, 1999ko Abuztuan
Euzko Alderdi Jeltzalea
Partido Nacionalista Vasco (EAJ-PNV)
Eusko Alkartasuna (EA)
Euskadi Ta Askatasuna (ETA)
![]() |